Herrilurretako zabortegien garbiketa plana martxan paratu nahi du Baztango Batzar Nagusiak

Ttipi-Ttapa 2015ko abe. 1a, 10:47

Lehenik dauden zabortegien mapa egin nahi dute eta herritarren laguntza eskatu dute horretarako

Baztangoherrilurretako zabortegien garbiketaplana martxan paratu nahi du Batzar Nagusiak eta horretarako batzorde berezi bat ere osatu dute. «Herrilurrak gure altxor eta ondare dira eta Baztandar guztien ardura da hauek garbi mantentzea», aipatu dute Batzar Nagusitik. 

Baina, tamalez, aunitz dira gaur egun zikinak dauden xokoak. Planaren barnean, lehenik egungo egoeraren edo abiapuntuaren berri izateko diagnosis bat egitea ezinbertzekoa ikusten dute eta horretarako zabortegi bezala funtzionatzen duten puntu hauek identifikatu eta garbitzea beharrezko ikusten dute. Modu berean, hemendik aitzinera mendian eta lekuz kanpo botatzen den zaborraren pilaketa saihestu nahi dute.

Hori dela eta herritarrengana zuzendu da Batzar Nagusia, lehenik eta behin puntu zikin hauek identifikatzen laguntzeko. Horretarako fitxa bat bete behar da, zer motatako puntu zikina den, non kokatua dagoen eta argazki batekin. Fitxa hau udal bulegoetan utz daiteke, edo hondakinak@baztan.eus helbide elektronikora bidali, 948 580006 telefonora deituz e ta SMS edo WhatsApp bidez jakinaraziz (636 759459).

Hasierako informazioarekin sortutako puntu zikinen mapa abiapuntu bezala hartuz, hauek garbiketarako beharrezko den Ekintza Plana diseinatu eta martxan jarriko dute.

Planaren inguruan informazio gehiago behar edo nahi izatekotan abenduaren 10ean, ortzegun arratsaldeko 7etan Udaleko batzar aretoan eginen den bilkura informatibora etortzeko gonbitea ere egin dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun