Zahar Etxeko estatutuen berritzea gelditu dute Baztanen

Ttipi-Ttapa 2015ko aza. 30a, 07:42

UPNk eta patronatuko albazeek aurkeztutako alegazioan udalak estatutuak berritzeko eskumenik ez duela diote eta alegazio hori onartu dute Geroa Bai eta Auzolaneanek ere

Baztango udaleko azkeneko osoko bilkuran Elizondoko zahar etxeko estatutu berriei buruzko alegazioetaz erabaki behar zen. UPNk eta patronatuko albazeek aurkeztutako alegazioetan udala estatutuak berritzeko eskumenik ez zuela zioten eta, hori horrela, UPNk, Geroa Baik eta Auzolaneanek alegazio hori onartu eta berritzeko prozesua bertan behera gelditu zen.

 

Haatik, zahar etxea erakunde publiko autonomoa edo fundazio publikoa izanik estatutuen berritzea udalaren eskumena dela argudiatu dute EH Bilduk eta Baztango Ezkerrak. Horretarako udal idazkarien txostenak aipatu dituzte eta TANen jurisprudentzia ere bai. 

Zahar etxeko estatuen berritzea aurtengo apirilean abiatu zen. Helburua diru publikoarekin finantzatzen den erakundea gardenagoa eta demokratikoagoa izatea zen. Horretarako, bertzeren artean, patronatuko kuarteletako ordezkariak kuartel bakoitzeko herriko batzarreen ongi ikusiarekin hautatzea proposatzen zen. Orain patronatuak aukeratzen ditu.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun