Hondakin teknikaria ere lan-taldean izateko pausua eman du Baztango udalak

Ttipi-Ttapa 2015ko aza. 30a, 07:40

EH Bildu eta Ezkerraren proposamenaren alde bozkatu zuten Geroa Bai eta Auzolanean taldeek eta UPN abstenitu egin zen

Baztango udalak lan-taldean hondakin teknikaria izateko pausua eman du. Azaroaren 26ko osoko bilkuran gobernuan diren EH Bildu eta Ezkerraren proposamena Auzolaneanen eta Geroa Bairen babesarekin eta UPNren abstentzioarekin aitzinerat atera zen.

 

 

Azkeneko bi urteetan udalean kontratu laborala zuen hondakin teknikaria egon da. Kontratu aldia akiturik, postu hori udaleko lan-taldean kontratu administratiboarekin ateratzeko erabakia hartu da. Ikusirik hondakinen kudeaketa politika publikoetan hartzen ari den indarra eta Europatik eta Nafarrotik finkatzen diren birziklatze helburuak, udal mailan helburu horiek betetzeko baliabide iraunkorrak behar dira. Bertzeren artean, arloa bideratzeko teknikari gaituak. Nafarroako hiri hondakinen plan berriak 2025erako bilketa berezituaren maila %70ekoa izateko helburua du eta organikoena %50ekoa. Gainera obretako hondakinen trataera eta bertze zenbait gai hor daude. Eta nola ez, hondakin guttiago sortzea eta horiek bererabiltzea ere bai.

Hondakin teknikariak urteko 39.358 euroko kostua izanen du eta hilabetero 1.589 euroko soldata garbia izanen du. Ondoko asteetan pleguak prestatu ondotik lan eskaintza publikoa eginen da.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun