Eskoletako leihoak aldatzeko Baztango udalak 19.000 euroko aurrekontu aldaketa egin du

Ttipi-Ttapa 2015ko urr. 27a, 07:19

EH Bildu, Ezkerra eta Auzolanean proposamenaren alde agertu dira, UPN eta Geroa Baiko zinegotzi bat aurka eta bertzeak abstentziorat jo zuen

Urriaren 22ko osoko bilkuran Baztango udalak herrietako eskoletako leihoak aldatzen segitzeko 19.000 euro erabiltzeko erabakia hartu zuen. Horretarako aurtengo diru soberakina kontuan hartuz aurrekontuetan moldaketa egitea onartu zen. Proposamenaren alde EH Bildu, Ezkerra eta Auzolanean agertu ziren. Proposamenaren aurka UPN eta Geroa Baiko zinegotzi bat. Geroa Baiko bertzeak abstentziorat jo zuen.

 

Eskoletako leihoen aldaketarekin energia eraginkortasuna hobetzen da eta, horrekin, eskola barneko erosotasuna; halaber, aurrezpen energetiko eta ekonomikoa ematen da. Aitzineko legealdian Azpilkueta, Arizkun eta Erratzuko herrietako eskoletan leihoak aldatu ziren eta Elizondoko eskolan eta Baztan ikastolan faseka egiten ari dira lanak. Oraino aldatzeko zain diren eskolak Gartzain, Arraioz eta Amaiur dira. Gainerako eskolak berriagoak direnez, momentuan bederen, baldintza egokiagoak dituzte.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun