Nafarroa Oinez 2015

Euskaltzaindiak bat egin du Nafarroa Oinezekin

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015ko ira. 28a, 10:19
Baztan Ikastolako bi eraikinak bisitatu zituzten hamabortz euskaltzainek.

Ortziral arratsaldeko ageriko ekitaldian, Mariano Izeta zena omendu zuten

“Nafarroa Oinez non, Euskaltzaindia han”. Horixe da aldi honetako erranera. Urtero bezala, Nafarroa Oinezi atxikimendua adierazi dio Euskaltzaindiak. Heldu den urriaren 18an Baztanen eginen den Nafarroa Oinezekin bat egin du Euskararen akademiak. ,“Hamabortz, Ama bat” da aurtengo edizioko leloa… eta horri keinu eginez, hamabortz euskaltzain izan ziren irailaren 25ean Elizondon.

 

Ortziral goizean, 10:00etan, Joseba Otondo Baztango alkateak ongietorria egin zien euskaltzainei. Udal ordezkari eta Euskaltzaindiko kideen hartueman solasaldian opariak partekatu zituzten. Ondotik, akademiak osoko bilkura egin zuen Balleko Etxean bertan. 13:00etan, euskaltzainek Baztan Ikastolako bi eraikinak, Parkekoa eta Pilarrekoa, bisitatu zituzten. Parkeko eraikinean dauden haur hezkuntzako hiru geletako haur eta andereñoek kanta bana kantatu zieten. Bigarren geldialdia Pilarreko eraikinean egin zuten. Bertan, 5. mailako ikasleek bertsoak kantatuz harrera egin zieten. Ondotik, 5. eta 6. Mailako gaztetxoek, kaxuabiarren kanta bat eskaini zieten.

Nafarroa Oinezen baitan, hizkuntz gutxituen handitasuna aldarrikatzen duen Txikiak Handi egitasmoaren haritik, kaxubiarrekin elkarlanean dabil Ikastola, eskuara eta kaxubiera handitasunaren erakusgarri. Kanta hori ikasi zuten pasa den martxoan kaxubiarrek gurean egindako egonaldian.

Ikasle eta irakasleek, Ikastolaren izenean, Zangotxo Nafarroa Oinezko maskotaren irudia ageri diren oroigarriak eman zizkieten Euskaltzaindiko ordezkariei goizeko hondar ekitaldian. Eraikinaren barrenean, ikasgeletan barna itzulixka egin zuten gero euskaltzainek eta ikasleen galderak erantzun zituzten.

 

Mariano Izetari gorazarre

Elena Zabaleta Baztan Ikastolako lehendakariak ongietorri eta esker on hitzekin ireki zuen arratsaldeko egitaraua. Ageriko ekitaldia egin zen Arizkunenea Kultur Etxean eta, bere jaiotzaren mendeurrenean, Mariano Izeta ohorezko euskaltzaina omendu zuten.

Paskual Rekalde euskaltzain urgazle amaiurtarrak Mariano Izeta zenaren “Dirua galgarri” eleberriaren berrargitalpenari buruzko solasaldia eskaini zuen ondotik. Izetaren sorreraren mendeurrenaren karietara berrargitaratu da bere lehen eleberria eta Rekaldek gidatu du lana. Berrargitalpen partekatua izan da. Euskaltzaindiak eta Baztango udalak elkarlanean burutu dute. Rekaldek, lan hau euskara batura egokitzeko lana egin du. Liburuari dagokionez, Mariano Izetaren eskuara, euskara batua eta euskalkiez gain, zenbait ezaugarri linguistiko azaldu zituen Rekaldek. Bailarako bertze bi euskaltzain urgazle ere gogoratu zituen: Joxe Azkarate Etxandi aniztarra eta Blas Fagoaga Ariztia erratzuarra.

Segidan, Baztan Ikastolako seigarren mailako ikasleen tartea izan zen. Agurraren ondotik, Mariano Izetaren inguruko biografia laburra egin zuten. “Axerie eta Otsoa” ipuina irakurri zuten eta Bittor Elizagoien bertsolariak Mariano zenari idatziriko bi bertso kantatu zituzten.

Ondotik, Andres Urrutia euskaltzainburuak hartu zuen hitza, Mariano Izetaren lanari gorazarre eginez eta eleberrian, berak idatziriko hitzak adieraziz. Ekitaldiari akabaila emateko, Nafarroa Oinezko kanta kantatu zuten.

Eskuara zaindu, aztertu, zabaldu, batu eta hobetzea helburu du Euskaltzaindiak. Baztan Ikastolak ere eskuararen alea landatu zuen duela berrogeita bortz urte eta pausota pausoka badoa aintzinet.

Erlazionatuak

Euskaltzaindia Nafarroa Oinezekin bat

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015 ira 29 Mendialdea

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun