Oinez lasterketarako izen-emateko epea abuztuaren 12an akituko da

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015ko abu. 7a, 11:08
Antolaketak proposatutako herrien kokapenak eta aparkalekuak.

Abuztuaren 30ean eginen da 27 kilometroko Elizondo-Aldude-Elizondo ibilaldi-lasterketa

Nafarroa Oinezek abuztuaren 30erako 27 kilometro luze eta 1.661 metroko desnibeleko Elizondo-Aldude-Elizondo mendi ibilaldi-lasterketa proba prestatu du. Ikusi bideoa

Elizondoko Foru Plazatik abiatuko dira 7:00etan ibilaldikoak eta 9:00etan lasterketakoak. Larramendi, Urballo, Albako harria, Belaun, Aldude, Berdaitz, Basabar, Burga, Maulitx, Goisemes, Atxarreta eta Intzurin barna itzuliko dira Elizondora. Halere, mendigoizaleek bide motzagoak ere hartu ahal izanen dituzte: Belaunetik Berdaitzera Zarkindegin barna, Aldudera beheititu gabe, eta Basabarretik Irlintzira Burga eta Maulitx goititu gabe. 

Izen-ematea www.kirolprobak.com web orriaren bidez eginen da. Kuotei dagokienez, lasterketan kirolari federatuek 28 euro eta ez federatuek 30 euro ordaindu beharko dituzte. Ibilaldian, aldiz, federatuek 14 euro eta ez federatuek 16 euro. Gehienez ere 400 pertsonek hartuko dute parte lasterketan eta bertze 400ek ibilaldian.

 

Bertzelako ekintzak

Bertzelako ekintzak ere egonen dira; Bezperan, abuztuaren 29an, 09:30etik 10:30erat zenbaki banaketa eginen da. 11:00etan Arizkunenean solasaldiak izanen dira adituen eskutik. Jokin Lizeaga prestaketa fisikoaz ariko da, Jon Garraus elikadura-hidratazioaz eta Iñigo Mujika lehiaketa aurreko zorrozketaz. 15:30etik 16:30erat berriz ere zenbaki banaketa eginen dute. 16:30ean Baztan Tirolina Parkean partaideentzako BKZren eskaintza berezia izanen da eta 19:30ean bilera teknikoa, probaren xehetasunak jakinarazteko.

Abuztuaren 30ean, 06:00etatik 07:00etarat zenbaki banaketa oinezkoendako, 07:00etan mendi ibilaldiaren abiatzea, 07:30etik 08:30erat zenbaki banaketa lasterkariendako, 09:00etan mendi lasterketaren abiatzea, 10:00etatik 10:45era haur lasterketak, 11:00etatik aitzinera kirolarien helmugaratzea, 14:30ean bazkaria, 15:30ean sari banaketa eta bazkalondoko besta ttipia eta 17:30ean kalejira musikarekin Txokotoraino.

Ikuslegoari begira, probaren antolatzaileek Baztango herri bakoitza proba ikusteko zein lekutara gonbidatzen duten ageri da ondoko irudan (aldi berean, proba ikusteko toku egokiak dira edonorendako), baita non uzten ahal duen kotxea ibilbidera hurbiltzen denak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun