Baztangoa ekimenarekin bertako ekoizleen produktuak ezagutzera emanen dituzte

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015ko abu. 3a, 08:51
Baztangoa ekimenaren aurkezpenean izan ziren udal ordezkariak, ekoizleak eta Cederna-Garalurreko ordezkariak.

Bisita gidatuak eskainiko dituzte abuztuan eta “Hemen, hemengoaz gozatu” lelopean, bertako produktuak dastatzeko aukera eskainiko dute

Udaberriko Azokaren inguruan antolaturiko Gasnaren Astea positiboki baloratu eta gero, Hazitik Hozie elkarteak esperientzia udan zehar errepikatu eta zabaltzeko interesa azaldu zion Baztango Udalari. Kontraste batzuk burutu eta gero, esperientzia egiteko ahalegina egitea erabaki da. Horren ondorioz, deia luzatu zitzaien, batetik, Baztango nekazaritzako elikagaien produktuen ekoizleei, eta bertzetik, Baztango jatetxe eta alojamenduei elkarlanean aritzeko Baztango produktuak bisitariei ezagutaraziz eta kalitatezko bertako produktuekin lan egitearen balio erantsia eskainiz. Honela, Baztangoa ekimena aurkeztu zuten uztailaren 31n, ortziral eguerdian Elizondon, Baztango udal ordezkariak eta ekoizleak eta Cederna-Garalurreko kideak bertan zirela.

 

Lan honen ondorioz honako ekintzak burutuko dira:

Bertako produktuak ezagutzeko bisitaldiak antolatu: Baztango 4 ekoizle abuztuan zehar bisitaldiak antolatu dituzte eta, horrenbestez, bisitariek produktuen ekoizpen prozesua ezagutzeko aukera izanen dute.

Bertako produktuak identifikatzen dituen distintibo eta leloa: “Hemen, hemengoaz gozatu” lelopean bai turistak bai bertakoek Baztango hainbertze jatetxe eta alojamenduetan bertako produktuak dastatzeko aukera izanen dute.  Ekimen honetan parte harzen duten establezimendu kartelak eta pegatinak erabiliko dituzte modu erraz eta bisualean tokiko produktuak erabiltzen dituela adierazteko.

Tokiko produktuak promozionatzeko jarduera burutu: bisitariei tokiko produktuak aisialdi aukerarekin batera eskaintzeko Baztango produktuen azokak antolatuko dira. Baztangoizaren kasuan, irailaren 20an Amaiurren Errotaren Eguna litzateke hitzordua. Elizondon irailaren 27an, Behi Azienda Piriniotarraren Lehiaketa dela eta.

Baztangoa ekimen honetan parte hartu duten eragileek uda pasa ondoren lan honi jarraipena eman nahi diote sare lana indartuz eta, horretarako, ezinbertzekoa ikusten dute sektoren desberdinen arteko elkar lana eta trukaketak. “Baztango garapena etorkizunean bertako produktuei eta ekoizpenei loturatu beharko genuke, gure langeei balio erantsi haundiagoa emanez”, aipatu zuten aurkezpenean. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun