Gartzainek irabazi du bigarren urtez segidan Baztandarren Biltzarreko orga lehiaketa

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015ko uzt. 21a, 09:04
Gartzaingo karrozak kisulabeetako lana irudikatu zuen, orga apainduen lehiaketa irabazteko.

Hamazazpi karroza atera ziren eta 1.400 lagun baino gehiago bildu ziren bazkarian

17 orga apainduek parte hartu zuten igandean Baztandarren Biltzarraren 52.edizioan. Beroa egin zuen eta jende aunitz hurbildu zen Elizondora. Bigarren urtez segidan Gartzaingo herria nagusitu zen lehiaketan, Harritik kisure orgarekin. Bigarren postua Elizondoko Aise kuadrillarentzat izan zen eta hirugarrena Elbeterentzat. Desfilearen ondotik, 1.400 lagun baino gehiago bildu zen bazkarian.

Desfilea irekitzen balleko nekazari gazteek eraman zituzten Baztan, Nafarroa eta Euskal Herriko banderak, Julen Arburua, Jon Dufurrena eta Maite Galainek, hain zuzen. Gibeletik, hainbat musika eta dantza talde zituzten, orgak laguntzen. 1.400 lagun baino gehiago bildu zituen bazkariaren ondotik, sariak banatu zituzten eta mila euroko saria ere zozketatu zuten. 11.758 zenbakia suertatu zen saridun eta bi asteren buruan jabea agertzen ez bada, 4.987 zenbakia da ordezkoa.

 

Karrozak bana  bana

Almandoz. Ongietorri Ederrena frontoira orgarekin, garai batean pilota plaza nolakoa zen erakutsi zuten.

Amaiur. Bestetako zikiro egunean egiten duten asto karrera irudikatu zuten.

Aniz. 1950ean itxi zuten Ximonain, herriko azken ostatua. Batzarreak egiten ziren, umeek dantzak ikasten zituzten eta pilota partiduetan apostu egiten zen.

Berroeta. 1840ean Graxianak sendabelarrekin sendatzen zituen herritarrak.

Ziga. 1970. Hamarkadan oraindik pekatua zen herrian ligatzea eta Baztango begiralekura joaten ziren gazteak.

Azpilkueta. Alkateak deituta, apezarendako egur bila joaten ziren herritarrak mendira.

Erratzu. 1944, denen harridurarako, nazi talde bat herritarrekin batera dantzara ateratzen da.

Arizkun. Maiatzeko Erregiñe ohiturak dio lehen jaunartzea egiten duten neskak herriz herri ibiltzen direla eskean eta dantzan.

Oronoz. Duela 70 urte arte, bataiatu bitartean jaioberriei teila jartzen zitzaien buru gainean.

Arraioz. Duela hamar urtetik honat, inauterietan ere parte hartzen dute emakumeek.

Irurita. Baserriko arto tartean guardia zibiletik gorde zen kontrabandista bat, etxeko familiaren laguntzaz.

Lekaroz. Ur hornidurarekin arazoak dituztenez, bizilaguneak sagardoa bakarrik edan dezakete, 1993tik honat balleko sagardotegi bakarrean.

Gartzain. Kisulabeetan kisua nola egiten zuten erakutsi zuten.

Elbete. Alpeetako basoetan elbetearrek zuhaitzak jausten zituzten kableetan mendietatik haranetara.

Elizondo.

Aise kuadrillak,  lehen kaolin meategi eta idorlekua egin zuten Saskaitzen, urte batzuk beranduago Elizondoko jende aunitzeri lana eman ziona.

Doike kuadrillak, Baztandarren Biltzarraren aitzinetik lotsak uxatzeko ongi gosaltzeko ohitura irudikatu zuen.

Belatzak eta Sagatsak kuadrillek, 1983an sortutako Club Ciclista Baztandarra txirrindulari elkartea omendu zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun