Irigoien eta Etxenike Euskadiko arpana txapelketako finaletik kanpo gelditu dira

Ttipi-Ttapa 2015ko eka. 29a, 10:31
Etxenikek eta Irigoienek ez dute Elizondon jokatuko den finalerako txartelik lortu.

Segundo erdi bat baino guttiagorengatik azkenak izan dira Uharteko kanporaketan

Euskadiko trontza txapelketako gizonezkoen sailkapen proba jokatu zuten ekainaren 27an  Uharte-Iruñeko plazan. Anizko Andoni Irigoien Maritorena eta Iruritako Guillermo Etxenike Iñarrea izan dira eskualdeko ordezkari bakarrak eta uztailaren 26an Elizondon jokatuko den finaletik kanpo gelditu dira.

 

Sailkapenean lehenbizikoak, Mikel Eugi eta Julen Kañamares III izan ziren, 4 minutu eta 11 segundoko denborarekin. Beraiekin batera, gaur egungo txapeldunak diren Iñaki Barberena eta Josetxo Barberena anaiak, Igor Esnaola eta Santi Aizpurua, Imanol Kañamares eta Oier Kañamares lehengusuak, Esteban eta Martin Pikabea anaiak eta Unai Iraola eta Jokin Garmendia izanen dira uztailaren 26an Elizondon jokatuko den finalean.

Etzanda jarritako 45 ontzako enborrean 5 ebaketa, zutik jarritako 45 ontzako enborrean 5 ebaketa eta etzanda jarritako 45 ontzako enborrean 5 ebaketa egin behar izan zituzten eta Etxenikek eta Irigoien baztandarrek, Iraola eta Garmendia gipuzkoarrekin izan zuten finalera sartzeko azken txartelaren bila lehiarik handiena. Azkenean, ehunekoek erabaki zuten lehia. Gipuzkoarrek 6 minutu, 52 segundo eta 5 ehuneko behar izan zituzten lanak akitzeko eta baztandarrek 6 minutu, 52 segundo eta 42 ehuneko. Beraz, 37 ehunekorengatik ez dira finalean izanen Etxenike eta Irigoien.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun