Tokiko elikadura sistema eta nekazaritza ekologikoaren inguruko ikastaroa antolatu du Baztango Udalak

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015ko abu. 28a, 15:04

Irailaren 3tik 4ra izanen da, Elizondon

 

Baztango udalak, Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin elkarlanean, tokiko elikadura sistema eta nekazaritza ekologikoaren inguruko udako ikastaroa antolatu du, Baztango tokiko garapenean interesa duen edonorentzat. Ikastaroa Elizondon eginen da, irailaren 3tik 4ra; ortzegunean 9:00etatik eta ortziralean 10:00etatik 18:00etara bitarte. Matrikula doakoa bada ere, izen-ematea ezinbertzekoa da.

Bertzeak bertze, agroekologia ikuspegi ekonomiko, sozial nahiz ekoizpen ikuspegitik aztertuko da; trantsizio agroekologikoaren bidea ikuskatuko da; eta Baztan oinarri hartuta tokiko elikadura sistema garatzeko aukerak ikertuko dira. Honen bidez, nekazaritza ekologikoa baserri mundutik atera eta gizarteratzea lortu nahi da, elikadura sisteman, garapen ekonomikoan, osasunean eta bizi kalitatean duen garrantzia ikusaraziz.

Ikastaroan parte hartzen dutenek hautaketa libreko kreditu edo ECTS bat lortzeko aukera izanen dute. Horretarako, programatutako ikastorduen %90 jaso beharko dituzte, gutxienez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun