Nafarroa Oinez 2015

Jose Mari Apezetxea margolari erratzuarra omenduko du Nafarroa Oinezek maiatzaren 8an

Ttipi-Ttapa 2015ko mai. 6a, 08:08
Jose Mari Apezetxea margolaria, Elena Zabaleta Baztan Ikastolako presidentearekin Artea Oinez ekimenaren aurkezpenean.

Baztan, barnetik kanporat erakusketa ibiltaria ikusgai izanen da maiatzaren 6tik Arizkunenean

Baztan Ikastolak antolatuko du heldu den urriaren 18an Nafarroa Oinez besta eta, horren baitan, hainbat jarduera egiten ari da urtean zehar. Apirilean Artea Oinez erakusketa ibiltaria inauguratu zen Iruñean eta, orain, Baztanera heldu da. Maiatzaren 6tik 21era Elizondoko Arizkunenean paratuko dira ikusgai "Baztan, barnetik kanporat" erakusketa osatzen duten 59 artelanak. Baztan inspirazio iturri izan duten eta duten artisten lan gehienak olio-pinturak dira, baina badaude eskulturak, grabatuak eta serigrafiak ere.

 

Apezetxeari omenaldia

Baztango Arizkunenea kultur etxean erakusketa asteazkenean zabalduko bada ere, inaugurazio ofiziala ortziralean, maiatzaren 8an, izanen da, 18:30ean. Ekitaldian, Jose Mari Apezetxea margolari erratzuarrak omenaldia jasoko du. Baztan Ikastolak aitortza ttipia egin nahi dio Apezetxeari urte hauetan guzietan egindako lanarengatik.

Jose Mari Apezetxea Erratzun sortu zen, 1927. urtean, eta oraindik margotzen segitzen du. Haren lanak errelitata du oinarri, baina lizentzia hartuta abstrakziora eramaten du begiekin ikusitakoa eta bihotzarekin sentitutakoa.

Bodegoi eta erretrato gutxi batzuk margotu baditu ere, paisaia da Apezetxearen koadroetan agertzen dena: Baztango paisaia.

Euskal margolarien artean nortasun berezia eta ibilbide luzea du Apezetxeak eta hori guztia aintzat hartu nahi du aurtengo Artea Oinezek: «Etxean ditugu eredua, kemena eta ohorea. Jose Mari Apezetxea omenduko du aurtengo edizioak, hark urte luzez erakutsitako edertasunaren ondainez. Keinu ttipia da gurea, berak emandakoaren guztiaren aldean».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun