Nafarroa Oinez 2015

Oinez Basoa 2015, euskararen aldeko landaketa berezia izanen da aurten

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015ko api. 27a, 08:44
Baztan Ikastolako eta Nafarroako Ikastolen Elkarteko ordezkariak Oinez Basoaren aurkezpenean.

Babestutako bi landare espezierekin baso bat landatzea proposatu du Baztan Ikastolak lurreko altxorrak babestu eta, aldi berean, ama hizkuntza bultzatzeko

Berrikuntzak dakartza aurtengo Oinez Basoak. Heldu den urriaren 18an Baztanen Nafarroa Oinez ospatuko duen Baztan Ikastolak bere ekarpenak egin nahi dizkio orain dela zazpi urte Nafarroa Oinezen baitan sortu zen ekimenari. Hala, galzorian diren bi landare mota babestuz osatuko dute Baztanen sortuko den basoa: karpea edo pagolizarra eta erramu portugaldarra edo loroa. Eta eremu komunalean eginen da baso berria eta, hortaz, baztandar guztiena izanen da Oinez Basoa. Horrez gainera, ia atzenduta dagoen minditze (baztaneraz) landaketa ohitura zaharra ezagutzera emanen dute. Akitzeko, Oinez Basoaren edukiak hedatzeko euskarri garrantzitsua den webgunea (www.oinezbasoa.eus) berrituta dakarte aurten Oinezen antolatzaileak, goititik beheitira.

Baztan Ikastolarena Nafarroa Oinezek sortuko duen bosgarren basoa izanen da, 2008an Oinez Basoa abian paratu zenetik. Oinez ospakizunak ingurumenean kalte ekologikoak eragiten zituela ikusita sortu zen egitasmoa abiatzeko ideia. Izan ere, baliabide naturalak kontsumitu, hondakinak sortu eta berotegiefektuko gasak isurtzen baititu bestak. Kalte ekologikoa orekatzeko asmoz, besta ospatzen zen tokian ingurumenarendako testigantza onuragarri bat uztea erabaki zen: naturgune autoktonoa  birsortzea, euskararen eskutik sortuko zen basoa hain zuzen.

Erabaki hori hartu zenetik gaur egun artio, lau baso ezberdin sortu ditu Oinez Basoak: mendebaldeko baso bat Arbizun, baso mediterraneo bat Tafallan, ibaiertzeko baso bat Tuteran eta baso jangarria, hegazti basoa eta zabortegi eremua berreskuratzeko basoa Zangozan.

Baso horien landaketaren haritik ikasgeletan ingurumenaren zaintza eta errespetua bultzatzeko unitate didaktikoak sortu dira eta, UPNArekin elkarlanean, Oinez Basoaren ekarpenak aztertzeko ikerketa lana paratu da martxan, bertze ekintza batzuen artean. Baztan Ikastolarena izanen da landatuko den hurrengo Oinez Basoa. Eta bosgarren baso honek ere bere ekarpen bereziak eginen ditu. Baztanen lur eremu osoaren %80tik

goiti komunala da. Eremu horietako batean, kostalderat ematen duen Gainekola

parajean, Oinez Basoa egiteko aukera eta baimena eman dizkio Baztango Batzar Nagusiak Baztan Ikastolari. Hortaz, antolaketa komunala izanen du ezaugarri. Baztandar guztiena izanen da basoa eta guztien artean landatua, auzolanean, Baztan Ikastolak egin ohi duen bezala.

Horrez gainera, landatuko diren bi landare motak izanen ditu bereizgarri Baztango basoak: karpea edo pagolizarra (carpinus betulus ) eta erramu portugaldarra edo loroa(prunus lusitanica) . Izan ere, loroa Nafarroan harrapatzen ahal den toki bakarra Baztanen dago, Urritzate eskualdean. Eta Iberiar Penintsulan gutxitutako landarea da.

Eta pagolizarra, berriz, Pirinioetatik beheiti Iberiar Penintsula osoan, basa bakarrik harrapatzen ahal da Bortzirietan, Igantzi eta Arantza artean.

Ia atzenduta dagoen minditze (baztaneraz) edo minditza izeneko ohitura ezagutzera ematea izanen da aurtengo Oinez Basoaren bertze ekarpen berezietako bat. Landareak, arbolak hazteko toki bereziak ziren minditzak eta kasu gehienetan auzolanean landatu eta zaintzen ziren. Oinez Basoa 15 proiektuaren baitan, Baztanen eta inguruko herrietan garai batean sustraitua zegoen ohitura zahar honi keinu bat eginen zaio. Ohitura honi buruzko lehen informazioak jada irakurgai paratu dira www.oinezbasoa.eus webgunean, eta urtean zehar bideoak eta bertzelako material batzuk argitaratuko dira minditze ezagutzera emateko.

 

www.oinezbasoa.eus webgune berria, modernoa eta erabilerraza

Webgunea bera (www.oinezbasoa.eus) izanen da aurtengo bertze ekarpen bat. Webgune berria egin da. Diseinu modernoa du, eta itxura atseginekoa eta erabilerraza da, sareko edukiak albait hobekien erabiltzeko prestatu baita. Interneti eta sare sozialei ahalik eta probetxurik handiena ateratzen saiatzeko bideratua dago. Bi hizkuntzatan eskuragarri dago (euskaraz eta gaztelaniaz) eta askotariko euskarrietara egokitu da diseinua; hau da, telefono, tablet zein ordenagailu bidez bistaratzen ahal da behar bezala.

Erlazionatuak

Baztango Oinez Basoa

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015 api 28 Mendialdea

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun