Pirinioetan lan eta bizi programaren emaitzak biziki onak direla adierazi dute

Ttipi-Ttapa 2015ko api. 27a, 08:26
Urdazubin gauzatzen ari diren Eman-Har egitasmoko Axun Irazokik jaso zuen diploma Mertxe Aizpurua eta GarbiƱe Elizegiren eskutik.

Mertxe Aizpurua Udalbiltzako lehendakariak aurten 27 proiektu lagunduko dituztela aipatu du Baztanen apirilaren 24an egindako agerraldian

Aurten, 27 dira Udalbiltzaren Pirinioetan lan eta bizi programaren baitan lagunduko diren proiektuak. Iaz, bertze 19 egitasmo lagundu ziren. Beraz, guztira (hiru urtean), 46 dira lagundutako proiektuak. Diru ekarpenari dagokionez, inbertsioa 230.000 eurokoa izan da.Udalbiltzak Pirinioen aldeko apustua egiten jarraitzera animatzen ditu bertako herritarrak eta erakundeak.

Baztango Herriko Etxean, apirilaren 24an diploma eman zitzaien ‘Euskal Pirinioetan lan eta bizi’ programaren bigarren laguntza deialdian Udalbiltzak hautatutako 27 proiektuei. Udalbiltzak 4.000, 5.000 eta 6.000 euroko diru-laguntza emanen die ekimen enpresarial eta sozial haietako bakoitzari Elgarrekin, Garapen Soziala eta Eragin deialdien baitan. Aurten lagundutakoekin, guztira 46 egitasmo dira 3 urteko programan Udalbiltzak, Euskal herriko Garapen eta Kohesio Fondoaren programaren bidez, lagundutako proiektuak.

Iaz, bertze 19 egitasmo lagundu zituen fondoak diru laguntza-lerroaren bidez. Beraz, guztira 46 dira fondoak “Pirinioetan lan eta bizi” hiru urteko programarekin lagunduko dituen proiektuak. Diru ekarpenari dagokionez, inbertsioa 230.000 eurokoa izan da.

Ekitaldia Garbiñe Elizegi Baztango alkatearen agurrarekin hasi zen. Pirinioetako bailaren egoera zailaz aritu zen eta kezka agertu zuen Nafarroako Gobernuak ez duelako lurralde guztiaren garapen orekatuaren alde egiten: «Jakin badakigu pirinioetako bailaren egoera zein den: zerbitzuen eskasia, industria sare apala, langabezia... Gazteek hiri guneetara jotzea dakar horrek. Populazioa zahartzea. Bailararen etorkizuna jokoan da, beraz. Zentzu horretan, kezka sortzen digu Nafarroako Gobernuak lurralde osoa modu orekatuan garatzeko aposturik ez egiteak. Eta ez edukitzea Pirinioak berpizteko planik. Lehentasunak beste batzuk dira foru gobernuan eta horrek foru administrazioarengandik urrundu egiten gaitu. Baina lanean segitzea da gure ardura. Eta Pirinioetako herritarrak bailararen alde eta bailaran bertan lanean segitzera animatzen ditut. Baztango Udala lagun duzue bide horretan. Tokiko erakundeon ardura da hori, herritarrekin elkarlanean eta laguntzan aritzea. Horren froga da, Udalbiltzarekin elkarlanean, “Euskal Pirinioetan lan eta bizi’ programaren bide proiektu ugari bultzatzen ari gara azken bi urteotan. Ilusioa dugu, lanerako grina eta geure baliabide propioekin alternatibak bultzatzen ari gara. Herritarrei aukerak ematen ari gara. Hori da, esan bezala, tokiko agintarion eta Udalbiltzaren egitekoa».

Ekitaldiko mezu nagusia Mertxe Aizpurua Udalbiltzako eta Euskal Herriko Garapen eta Kohesio Fondoko lehendakariak eman du. Euskal Herrian behar handienean diren eskualdeeei laguntzeko Udalbiltzaren konpromisoa aipatu du, horretarako bertako erakundeekin, eragile sozialekin eta herritarrekin batera lan eginez. Modu berean, Euskal Pirinioen garapen ekonomiko eta sozialerako programaren balorazio baikorra egin du Udalbiltzako lehendakariak: «Aurten, 27 dira lagundu ditugun proiektuak. Hemen zaudete asko. Ekimen enpresarial eta sozialak zarete denak. Eta ziur gaude Pirinioen garapenean zer egin garrantzitsua duzuela. Horregatik, gure diru-laguntza eta noski, babesa. Aterabidea, etorkizunari begira lan egitea da, geure baliabideak ekintzailetasunaren mesedetan jarrita Pirinioen garapena bultzatzea. Pirinioetan lan eta bizi ahal izateko baliabideak sortzen eta indartzen laguntzea. Laster, hiru urte beteko dira Euskal Herriko Garapen eta Kohesio Fondoak euskal Pirinioen garapen ekonomiko eta soziala bultzatzeko programa abiatu zuenetik. Dozenaka proiektu lagundu ditugu eta emaitza benetan ona izan da. Pirinioak bizirik daude eta bertako herritarrak ere bai. Eta erakundeon laguntza duzue horretan. Euskal Herrian behar handienean dauden eskualdeen alde egingo dugulako lan. Auzolanean, kolektiboa helburu, gizarte-sarea sendotzen eta herritarrak aktibatzen, tresna propioak sortzeko».

Bukatzeko, Udalbiltzako lehendakariak diplomak banatu dizkie aukeratu diren proiektuen ordezkariei Baztango alkatearen laguntzaz.

Segidan, azken deialdian babestutako egitasmoak:

ELGARREKIN deialdian 5000 euroko diru-laguntza eskuratu duten egitasmoak: 1 BELAGUAKO ATERPEA berritzeko egitasmoa. Nafarroako mendizaleen federazioak bultzatuta. 2 OARSOBIDASOAN ELIKADURA BURUJABETZA egitasmoa. 3 MTB MENDIKO BIZIKLETA IBILBIDEAK KINTOAN egitasmoa. 4 I-ENER HERRITARREN ENERGIA egitasmoa.

GARAPEN SOZIALA deialdian diruz-lagundutakoak. Hauek ere 5000 euroko laguntza jaso dute. 5 EMAN-HAR egitasmoa. 6  IRATI IRRATIA. 7 PIRINIOETAKO AINTZINAKO GALTZADAREN BERRESKURATZEKO egitasmoa. 8 IZURAKO HERRIAN JONDONI JAKOBE BIDERAKO AZPIEGITURAK egiteko egitasmoa.

 

ERAGIN deialdian, diru-laguntza 4000 eurokoa izan da: 9    TTIPI-TTAPA HAURTZAINDEGIA egitasmoa. Maulen haurtzaindegia sortzeko. Gerora, euskaraz eskolatzeko funtsezkoa. 10 BAZTAN-BIDASOAKO BANABAR EKOLOGIKOEN LANDAKETA egitasmoa. Baztango babarruna era ekologikoan landatu, ekoitzi eta merkaturatzeko. 11 ERRONKARIKO ENAREN IBILBIDEA berreskuratzeko egitasmoa. Zerbitzu komertzialak eta inguruko aktibitate ekonomikoa bultzatzeko.12 PITTIKA GASNATEGIA. Ahuntz gazta ekoizpena bultzatzeko.13 IRATIKO ESKOLA egitasmoa. Pirinioko natur ingurunea eta kultura ezagutzeko eskola, Izaba inguruetan mendi zerbitzuak eskaintzen dituen gidarekin.14 CREATION ACTIVITÉ AGRICOLE egitasmoa. 15 SAGARREN DENBORA filmea. Bertako sagar motak Baztanen landatu eta merkaturatzeko egitasmoa, besteak beste, sagardogintzarako. 16 SUNBITE SUNBILA INDARTUZ TURISMO ELKARTEA. Turismoa erakartzeko marketing egitasmoa.17 “Nerabezaroan genero berdintasuna sustatzen” egitasmoa. 18 BAGUZI ETXETRESNA KONPONKETAk. 19 “Mise en place d'un plan d'action pour la création d'un espace test agricole sur Ipar Euskal Herria” egitasmoa. Etxalderik ez duten laborarigaiak formatzeko eta prestatzeko "praktika" eremu formal bat sortzeko 20 “Structuration de la filière Agneau de lait des Pyrénées en Soule: construction d’un centre d’allaittement ovin” egitasmoa. Labeldun arkumea hazi eta merkaturatzeko. 21 Donaixtiko kooperatibaren azpiegitura handitzeko egitasmoa. Donaixti ibarreko herriko etxeak, sagardogintzarako azpiegitura publiko bat handitzea du helburu bertan jarduera ekonomikoa abiarazteko. 22 IRAULI PROIEKTUA. Bertako ardo eta sagardoak merkaturatzeko enpresa. 23 MENDIKO MAHASTIGINTZA. Baztango mendialdean mahastiak landatu eta ardogintza abiatzeko egitasmoa. 24 EUSKARAZ BLAI UDALEKUAK. Beintza-Labaien eta Arantzako aterpetxeen udaleku eskaintzari eusteko. 25 TIOKA egitasmoa. Eskuz egindako arropak, diseinu propioak. 26 CABAÑA DEL ÁRBOL egitasmoa. Landetxe batek zuhaitz batean gauak egiteko lekua prestatu nahi du, eskaintza desberdin bati atea zabaltzeko, ibilbide luzeko etxaldea da. 27 MUNHOA ELEC egitasmoa. Argiketari enpresa bultzatzeko egitasmoa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun