Baztango autokarabana aparkalekua inauguratu dute Ordokiko Berron

Ttipi-Ttapa 2015ko mar. 31a, 15:13
Zenbait autokarabanek estreinatu dute gaurgero Ordokiko Berroko aparkalekua.

Otsondoko Lizarmeakan eta San Blasko Bentan ere aparkalekuak egokitu dituzte

Baztango Udalak bailarako autokarabana aparkalekuak aurkeztu zituen martxoaren 28an, Ordokiko Berroko aparkalekua inauguratuz. Euskal Autonomi Erkidegoko Sorbeltz eta Nafarroako Tximeleta autokarabanista elkarteek lagunduta, Maite Iturre Turismo eta Merkataritza zinegotziak une honetara arte ibilitako bidea aipatu zuen larunbat goizean egindako ekitakldian. 

Baztango Udalak bailarako autokarabana aparkalekuak aurkeztu zituen martxoaren 28an, Ordokiko Berroko aparkalekua inauguratuz. Euskal Autonomi Erkidegoko Sorbeltz eta Nafarroako Tximeleta autokarabanista elkarteek lagunduta, Maite Iturre Turismo eta Merkataritza zinegotziak une honetara arte ibilitako bidea aipatu zuen larunbat goizean egindako ekitakldian. 

Turismo autokarabanistaren goranzko joera eta bereziki, Baztanen duen presentzia nabarmena ikusita, Baztango Udalak ekin zion duela 3 urte gutxieneko zerbitzuak eskainiko zituen gune bat bilatzeari. «Irisgarritasun onekoa, laua, publikoa eta zerbitzuen aldetik egoki zen tokia aurkitzea ez da lan erraza izan», Iturrek jakinarazitakoaren arabera. Lekarozko kanpuseko albo batean kokapen egokia aurkitu eta Nafarroako Gobernuarekin adostu ondotik, Osoko Bilkurak aho batez onartu zuen bertan sortzea gunea, baina azken unean Nafarroako Gobernuak gibelera egin zuen, prozesu osoa berriz abiatzera behartuz.

Hainbat aukera aztertu eta gero, eta berriki ateratako foru dekretu murriztailea aintzat hartuta, azkenean, Baztango Udalak erabaki zuen Ordokiko Berro zubiaren ondoko aparkalekua atontzea. Alde batetik, modu horretan, degradatuta zegoen toki bat berreskuratu da, bertan zegoen zabortegi ilegala kenduz, eta bertze alde batetik, Ipar Euskal Herriarekin lotzen duten bi errepideen elkargunean, hainbat zerbitzutik gertu (ostatua, okindegia, jatetxea, gasnategia, zalditegia eta Arizkun herria bera) erreferentzi puntua sortuz autokarabanendako. Bertan, ura hartzeko eta ur zikinak deskargatzeko instalazioa egin da, merendero txiki bat egokitu da eta 8 autokarabanendako tokia prestatu da. Inguruko eta Baztango informazio turistikoa jasotzen den panela ere jarri da.

  

Otsondoko Lizarmeakan eta San Blasko Bentan ere

Iturrek adierazi duenez, Ordokiko aparkalekuarekin batera, Baztango Batzar Nagusiak propio baimendu du autokarabanen aparkaleku gisa Otsondoko Lizarmeakako aparkalekua (bertan komunak, iturria, parrilak eta abar daudelarik) eta San Blasko Bentako aparkalekua (merenderoa paratu da). Toki bietan ere informazio turistikoko panelak jarri dira. Nabarmentzekoa da Baztango 3 autokarabana aparkaleku hauek Done Jakue Bidetik arras gertu kokatzen direla.

Autokarabanistei zuzendutako foiletoa ere argitaratu da, 3 aparkaleku hauek eta Baztanen eta inguruetan dauden kanpinen berri zein bailarako puntu turistikoak jasotzen dituena. Foiletoa turismo bulegoan egonen da eskuragai eta autokarabanista elkarte ezberdinei igorriko zaie.

Larunbateko inaugurazioa Arizkungo bisita gidatuarekin akitu zen, bertaratutako autokarabana turisten pozerako; Baztanek aurkezten dituen gozatzeko aukera ezberdinez jabetuta, bisita errepikatuko dutela agindu dute eta.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun