Erdiz, Belate eta Lizartzuko nekazariekin zenbait lan adostu ditu Baztan Balleko Etxeak

Ttipi-Ttapa 2015ko mar. 30a, 11:30
Erdiz, Belate eta Lizartzuko bazkalekuetan egin beharreko lanak adostu ditu Baztango Udalak nekazariekin.

Bazkalekuetan hainbat lan egitekoak dira

Erdiz, Belate eta Lizartzu inguruan aziendak alatzen dituzten nekazariekin bilkura egin zuen Baztango Balleko Etxeak martxoaren 13an eta zenbait kontu adostu zituzten. Bazkalekuetan sartu behar diren zezenetaz eta egin behar diren lanetaz aritzeaz gain, bildutako 16 nekazarien eskari-galderak erantzun zituzten.

Erdiz, Belate eta Lizartzu inguruan aziendak alatzen dituzten nekazariekin bilkura egin zuen Baztango Balleko Etxeak martxoaren 13an eta zenbait kontu adostu zituzten. Bazkalekuetan sartu behar diren zezenetaz eta egin behar diren lanetaz aritzeaz gain, bildutako 16 nekazarien eskari-galderak erantzun zituzten.

Bazkalekuetan sartzen diren zezenei dagokienez, aipatu zen Aspinak bi zezen utzi dituela, bat Erdizen azienda sartzen duen nekazari batek dauka eta bertzea Belaten azienda sartzen duen bertze nekazari batek. Ikusita Aspinak ez dituela zezen gehiago utziko eta nekazariek bazkalekuetan zezenak egotea nahi dutela, zenbaitr erabaki adostu zituzten. Honela, Erdizen 4 zezen sartzen ahalko dira eta Belaten 3 zezen. Aspinakoak 2 bakarrik direnez, partikularrek beren zezenak (3 Erdizen eta 2 Belaten) sartzen ahalko dituzte. Zezenak bazkalekuetan sartzeko interesa duten nekazariek Udalari jakinarazi beharko diote maiatzaren 17a baino lehen. Pirenaika arrazako zezenek lehentasuna izanen dute. Zezen pirenaikoekin ez bada kupoa betetzen bertze arrazetako zezenak sartzen ahalko dira. Maiatzaren 21ean zezena sartzeko interesa duten nekazarien zerrenda begiratuko da eta sartzen ahal direnak baino zezen gehiago apuntatu badira haien artean zozketa eginen da. Iaztik Aspinako zezenak dauzkaten nekazariei 12 behiren saria doan uzten zaie urte osoan zezena zaintzearen truke eta zezen partikularrak sartzen dituzten nekazariei 6 behiren saria doan utziko zaie.

 

Bazkalekuetan lanak

Bazkalekuetan egin beharreko lanei dagokienez, iaz egin zen bezala, aurten ere bazkalekuetako iskindegiak errepasatuko dira eta mineral ekologikoa hedatuko da. Horretaz aparte, iaz Belateko zohikaztegiaren inguruan hartu ziren konpromisoei eutsiz, aurten bazkaleku horretan 7 bat hektareatan sasitza kenduko dela aipatu zen. Nekazariek ere zenbait eskari egin zituzten: Belateko kaolin biltegiaren ingurua hestea; Belateko Telefonikako pistan zahorra (2 kamioikada inguru) botatzea; Larrakartera doan pista konpontzea; Artesiagako korlea apal geratu baita, altura emateko txapa bat gehiago paratzea, aziendak ihes ez egiteko; Pitzamarretik Erdizera doan pistan kotxeak gurutzatzeko lekuak moldatzea; Erdizko errekako haitz ingurua hestea; Belateko gazteluaren ondoan dagoen leizearen ingurua hestea (azienda erortzeko arriskua omen dago); Erdizko Gurutzemeakako askari ziria edo altxagarria paratzea; Belateko Telefonikaren inguruan dagoen aska konpontzea; Erdizko Altzaldera doan pista konpontzea eta Oialegiko pistako saingerien errepasoa egitea.

Nafarroako Gobernuak bere garaian Belaten landaketa batzuk egiteko lurzati esperimental batzuk egin zituen eta aspaldi ez baitira erabiltzen, horiekin zer gertatzen den galde egin zuten nekazariek. Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuarekin harremanean jarriko direla adierazi zuten Udaletik.

Lepokoen erabilpenaren gaineko balorazio positiboa ere egin zen. Dena dela, ikusita zenbait aziendak lepokoak galtzen dituela, aurten Udaletik lepokoak hartzerakoan erabiliko duten aziendaren identifikazio zenbakia ematea adostu zen, horrela, mendizainek aziendaren bat lepokorik gabe ikusten badute arazorik izan ez dadin. Hortaz, lekopoak hartzen dituztenek aziendaren identifikazio zenbakia eraman beharko dute (krotalaren zenbakia) eta nekazariek zein azienda sartu behar duten azken egun artio ez badakite, azienda sartzen den egunean mendizainei erraten ahal diete.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun