Fernando Anbustegi elizondarrak bigarren saria eskuratu du Bergarako Amodiozko Gutunen lehiaketan

TTIPI-TTAPA 2015ko ots. 25a, 10:19
Fernando Anbustegi, Leire Urretabizkaia eta Maddi Elortzarekin, sari banaketaren ondotik. goiena.eus

87 idazlan aurkeztu dira 23. edizio honetan

Amodiozko Gutunen Lehiaketaren sari banaketa ekitaldia egin zen joan den astean Bergaran. Jardun elkarteak antolatzen du lehiaketa, 23. edizioa zen aurtengoa, eta inoiz baino gutun gehiago aurkeztu dira. Guztira, 87 idatzi. Lehenengo saria Burlatako Josune de Goñik irabazi du, eta bigarren saria Elizondoko Fernando Anbustegirentzat izan da. Bergarar onenaren saria Maddi Elortzak lortu du, eta 26 urtez azpikoek idatzitako gutunen artean Leire Urretabizkaia ikaztegietarrarena izan da onena epaimahai gaztearen iritziz.

Amodiozko Gutunen Lehiaketaren sari banaketa ekitaldia egin zen joan den astean Bergaran. Jardun elkarteak antolatzen du lehiaketa, 23. edizioa zen aurtengoa, eta inoiz baino gutun gehiago aurkeztu dira. Guztira, 87 idatzi. Lehenengo saria Burlatako Josune de Goñik irabazi du, eta bigarren saria Elizondoko Fernando Anbustegirentzat izan da. Bergarar onenaren saria Maddi Elortzak lortu du, eta 26 urtez azpikoek idatzitako gutunen artean Leire Urretabizkaia ikaztegietarrarena izan da onena epaimahai gaztearen iritziz.

 

Bigarren saria, Fernando Anbustegi

Zorionak maitea:

Harritu eginen zara, Jesus, nere gutuna jasotzerakoan. Harritu, poztu, hunkitu…nork daki. Beharbada haserretu ere, orain arte beti gezurretan ibili izan naizen sentsazioa burura etorrita. Lasai egon, ez, ez dizut inoiz, sekulan gezurrik erran. Elkar ezagutzen dugun hirurogei urte luze hauetan ez da nere aho zein burutik gezurrik atera zugana. Ez nekien idazten, hori egia da. Orain ikasi dut.

Ederki asko dakizu, maitea, garai zailak bizi izan ditugula gure etxean jaioz geroztik. Ibiltzen ikasi orduko ia lanean hasi behar izan genuen, eta ez genuen irakurtzen eta idazten ikasteko aukerarik izan. Egoerak hala behartuta, lana eta lana izan da gure bizitzaren ardatza, eta gerora, adinean gora joan ahala ikasteko aukeraren bat egon bazen, nekea ikasteko gogoari gailendu zitzaion. Bai, maitea, badakit zu behin baino gehiagotan saiatu zinela irakasten, baina nahikoa lan banuen nik 6 seme alabak hazten eta etxea gobernatzen. Aunitzetan damutu izan naiz zure irakasteko borondateari uko egin izanaz. Bereziki azken urteetan, ikusmen arazoak hasi zitzaizkizunetik.

Aunitzetan egon izan naiz, ixilpean, zirrikitu batetik zuri begira. Lehio ondoan, hainbertze gustatzen zaizun aulkian eserita, liburu amaigabe horien artean murgilduta orduak eta orduak ematen zenituenean. Miresten zintudan, eta miresten zaitut orain ere, maitea, nahiz eta zoritxarrez, zure begi nekatu horiek ez dizuten irakurtzea ahalbidetzen.

Azken urte hauetan, zure ikusmena urritzen zihoan heinean, irakurtzeari utzi behar izan diozun heinean, zure bizitzeko gogoa itzaltzen joan dela somatu dut. Zure begietatik sartzen ziren hizki eta esaldiek zure bizitzeko gogoa elikatzen zutela badakit. Orain, ezin irakurri, agortutako iturri baten gisan ikusten zaitut. Zure itzaladi prozesu honetan nik erruduntzat jo izan dut behin eta berriz neure burua, ezin baizintudan lagundu, irakurtzen eta idazten ez nekienez.

Baina bukatu da, Jesus, maitea, bukatu da zure sufrikarioa, erran bezala, ikasi baitut, esfortzu handiarekin, baina ikasi dut irakurtzen eta idazten. Gure biloba Haizeak erakutsi dit. Koitadua, a ze pazientzia! Gogoratzen nere lagunekin egunero kafea hartzera joaten nintzenean? zu etxean kopetilun bakarrik gelditzen zinenean? Haizearekin elkartzen nintzen, ikasteko. Bai, kafearena gezur txiki bat zen, sorpresa izatea nahi bainuen. Barkatu maitea, baina ulertuko duzu, ezta?

Gustatuko litzaidake artrosiak higatutako nere eskuarekin iziriaturiko gutun hau zuk irakurtzea, badakit ilusioa eginen lizukeela. Baina berdin dio, nik irakurriko dizut. Nabari duzunez, kosta egiten zait irakurtzea, pazientzia pixka bat eskatzen dizut nere abiadura motel hau jasateagatik. Eta ez dizut aitortuko zenbat denbora pasa dudan gutun hau idazten. Ene! Dena den, merezi izan du. Zuregatik edozer gauza eginen nuke maitea, badakizu. Eta zalantza izpirik bazenu, uste dut orain uxatu izanen zaizkizula. Maite zaitut Jesus.

Badakit ez ditugula urte aunitz gehiago elkarrekin emanen, zahartu gara jada, baina ni haur txiki baten ilusioarekin nago. Zure begi izan nahi dut, zure irakurle; hemendik aitzinet elkarrekin irakurketaz gozatuko dugu. Hain gustokoak dituzun Atxaga, Sarrionaindia, Irigoien, …gure egongelan sartuko dira berriz ere, hainbertze bizi ematen zizuten istorioak kontatzera.

Urtebetetze opari berexia nahi nuen aurten. Espero dut gustuko izatea.

Zure maitale maitatua,

Bibiana

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun