Xabi Ibargarai erratzuarra nahi eta ezinean ibili zen Fustorekin

TTIPI-TTAPA 2015ko ots. 5a, 09:42
Xabi Ibargarai erratzuarra bi urtez segidan ailegatu da Munduko buruz buruko pala txapelketaren finalera. innpala.com

Argentinarrak bere bosgarren txapela jantzi zuen urtarrilaren 24an Bilbon, erratzuarraren bigarren finalean

Pablo Fusto argentinarrak buruz buruko Munduko pala txapelketa bosgarren aldiz irabazi du, laugarrena segidan. Iaz bezala, Xabi Ibargarai erratzuarra izan zuen arerio urtarrilaren 24an Bilbon jokatutako finalean eta hiru setak irabazi zituen Buenos Airesekoak (10-3, 10-5, 10-8).

Argentinarra faborito garbia zen arren, Xabi Ibargaraik teoria argi zeukan finala hasi baino lehen: Fusto mugiarazi beharra zeukan zerbait lortzekotan. Baina gauza bat da erratea eta bertzea egitea. Fusto hanka geldian jaun eta jabe izan zen lehen bi set edo jokuetan. Erra­tzuarra urduri xamar ere atera zen eta lehen seta 10-3 galdu zuen. Sakea izan behar zen Ibargaraien baliabideetako bat, baina falta bat egin zuen lehen pilotakadarekin eta tanturik ez zuen lortu. Bigarren seta ere bide beretik joan zen eta argentinarra 6-1 ai­tzindu zen. Orduan hasi ­zen Ibargarai lasai­tzen eta bere lehen erre­botea ere sartu zuen. Alferrik, bigarren par­tziala ere Fustok irabazi baitzuen (10-5).

Dena galdua ikusterakoan hasi zen bere jokua egiten erratzuarra. Hirugarren setean 7-4 aitzinetik izan zen, baina suertea ez zuen lagun izan eta ez zuen finala luzatzeko aukerarik izan, 10-8 irabazi baitzuen hirugarren seta eta bere bosgarren txapela Fustok. 

INSAUSTIREN BILA

Iruñeko Oscar In­saus­tik zazpi txapel jan­tzi zituen 1995 eta 2003 urteen artean eta marka hori gaindiezina zirudien. Fustok bortz txapel baditu gaurgero eta gaur egun ez dirudi inork itzal egiten ahal dionik.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun