«Tiro hotsak eta bonbardaketak egunerokoak dira Ukraina ekialdean»

Gurutze PIKABEA 2014ko aza. 27a, 17:42
Jon Apezetxe erratzuarra eskuinean, Donbasseko herri milizietako bi kiderekin.

Urte hasieratik gaiztotua dagoen Ukraina ekial­deko giroa hurbiletik ezagutzeko aukera izan du Jon Apezetxek. Banda Ba­ssoti talde italiarrak antolatutako brigada antifaxistarekin bat eginez, irail bukaeran Errusia eta Ukraina arteko mugan dagoen Donets herrian izan zen eta ordezkari politikoekin eta milizietan ari diren boluntarioekin solasteko aukera izan zuen. Etxera itzulita, hedabide haundien aldetik blokeo informatiboa salatu du eta hori hau­tsi eta informazioa zabaltzeko ­kon­pro­mi­soa hartu du. Benetako egoera zein den azaldu nahi du.

G. PIKABEA

Zein da Ukrainako egoe­ra?
Janucobich presidente zela, Ukraina Europar Batasunarekin akordio akonomiko bat sinatzekotan egon zen. Gerora, ordea, Ukrainarentzat onura baino galera gehiago ekarri­ko zituela eta, gibelera bo­­ta zuen. Orduan hasi zi­ren Kieveko protestak. Protesta hauetan gisa guz­tietako jendea zegoen, baina Ukrainako ultra­eskuindarrek hartu zuten lidergoa eta estatu kolpe batean akitu zen. Orduan­ hasi zuten Ukraina ekialdearen kontrako erasoa.

Ukraina ekialdeko he­rritarrek armak hartu dituzte. Zein da helburua?
Ukraina historikoki bitan banatua egon da. Mendebaldeak beti guttietxi ditu ekialdekoak, eta duela hamar bat urte­tik errusofobia elikatzen joan dira komunikabideak aprobetxatuz. Ekialde­ko jendeak betitik izan du harre­mana Errusiarekin, mugan bizi­ baitira­ eta aunitz dira Erru­sian­ familia duten ukraina­rrak. Gainera, Luhansk eta Donetsk eskualdeetan errusieraz min­tza­tzen dira. Ukrai­nar armadak erasoa hasi zuenean,­ herri miliziak lu­rral­dea eta he­rri­ta­rrak­ defendatzeko sortu ziren. Honekin batera, eta Ukraina­ fa­xis­ta batean egon nahi­ ez zute­nez, he­rri galdeke­ta deitu­ zuten gerra betean, eta he­rrita­rren %70­ak hartu zuen parte. Horietatik %90­ak egin zuen­ independen­tzia­ren alde. Gaur egun, duela hi­­labe­te zenbait al­darrika­tuta­ko Luhansk eta Donetsk-eko herri erre­publikek bat egin dute No­vo­rro­sia he­rrialdea al­darri­katuz.

Zer kontatu dizuete hango ordezkariek?
Ez genuen Novorrosiara sartzeko aukerarik izan, baina Luhanskeko ordez­kari politikoen eta milizietan ari diren boluntarioen­ bisita izan genuen. Ordez­kari poli­tiko batek Minsk­e­ko su-eten akordioaren ibilbide ­mo­tzaz oharta­ra­zi gintuen. Bere errane­tan, Kieveko Gobernuak ez du akordiorik nahi Don­bass­ekoekin eta bere helburu bakarra ekialdeko he­­rritarrak garbi­tzea da.

Ikusitakotik zer nabarmenduko zenuke?
Hemen errusiazaleak bezala saltzen dituzten horiekin bildu ginen. Argi utzi­ ziguten ez direla erru­sia­za­leak. Mi­liziak Novo­rrosiako biz­tanlez osatuta daude. Lehen meatza­riak zirenek ez dute ar­mak­ hartu ber­tze­ aukera­rik izan. Errusiazaleak badaudela? Bai, egia da. Baina gaur egun duten egoeran normala da Erru­siarekin aliatu nahi izatea­, Ukrainatik heriotza eta sufrimendua bertzerik ailegatzen ez zaienean­.

Zein da egun egoera?
Minskeko akordioen ondotik, borroka pixka bat lasaitu denez, gerraren ondorioz etxea uztera behartuak izan ziren herrita­rrak etxera itzultzen hasi dira, bonbardaketak gelditu ez diren arren. Abuz­tutik honat miliziek aurre­rapen haundiak egin dituzte eta lehen hiri­ barnean zegoen frentea, gaur egun, hama­bortz bat kilo­metrora dago. Halere, tiro­ hotsak eta bonbarda­ketak egunerokoak dira.

Nola daude herritarrak?
Herritarren egoera benetan negargarria da. Bonbardaketen beldur lur az­piko sotoetan bizi dira. Argindarra eta ur korronterik gabe bizirik iraun behar dute eta janaria lor­tzea ere zaila da. Negua gainean dagoenean, go­rriak ikusiko dituzte.

Zer dio nazioarteak?
Gerra honetan bertze interesa Europa eta AEBek ekialdea kontrolatzeko duten ikaragarrizko gogoa da. Ukrainan beraien­ gobernu titire bat egoteak aunitz lagunduko lieke­ Errusia ingura­tzen, gerora presioa egin ahal izateko. Errusia, nola­ ez, ez dago prest etxe­ko ata­rian­ amerika­rren base­ bat izateko eta nahiago du No­vorrosia lurralde libre bat izatea.

Zein­ asmo dituzue?
Gure betebeharra in­for­ma­zioa herriari helaraztea da, blokeo honekin pixka­ bat bederen hausteko: hi­tzal­di bidez, iritzi artiku­lu edo euskalherriadonbass blogaren bidez. Arro­pa eta medikamentu bilketa bat ere egiteko­tan gara, han sor­tzen diren beharrak asetzeko.

BLOKEO INFORMATIBOA
«Hedabide haundiak estatuek informazioa zabaltzeko erabiltzen dituzten tresnak dira, jendartearen iritzian eragiteko. Gatazkaren errua Errusiak balu be­zala dabiltza komunikabide guztiak. Ez da bat bera ere saia­tzen informazioa bertze leku batetik biltzen».

ELKARTASUNA BAZTANEN
«Abenduaren 12an eta 13an Elkartasun Egu­nak antolatuko ditugu Baztanen: ortzira­lean dokumentala Erra­tzun eta la­runbatean hi­tzal­dia, kon­tzentrazioa eta bazkaria Elizondon».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun