Elizondoko uholdeen 100. urteurrena gogoratuko dute larunbatean

Ttipi-Ttapa 2013ko eka. 7a, 12:27
Foto Menako Itziar Mena eta Elizondoko alkatea den Mikel Sobrino ekainaren 6an egindako prentsaurrekoan.

Ekainaren 30era arte uholdeen mendeurreneko argazki erakusketa zabalik egonen da Jorge Oteiza Museoan

10:00etan erreka garbiketa eginen dute, 12:00etan bertso saioa izanen da eta luntxa ere eskainiko da eta 12:30ean plaka oroigarriaren inaugurazioa eginen dute. Horrez gain, ekainaren 30era arte Elizondoko uholdeen 100. urteurrena argazki erakusketa ikusgai egonen da Jorge Oteiza Etnografia Museoan.

Aurten ehun urte bete dira Erratzu, Elizondo eta Baztan-Bidasoa eta Iparraldeko hainbat herri eta leku suntsitu zituen uholdea gertatu zenetik. Eta gertakari larri hura gogoratzeko, hainbat ekitaldi egiten ari dira azken asteetan. Joan den astean, Erratzun egin ziren ekitaldiak, eta larunbat honetan Elizondok hartuko du lekukoa. Egitarauaren berri emateko Itziar Mena Foto Menakoak eta Mikel Sobrino Elizondoko alkateak prentsaurrekoa eskaini zuten ekainaren 6an.

Uholdearen mendeurrena oroitarazteko erakusketa bat antolatu dute. Erakusketaren argazkiak Felix Mena Martin argazkilariak orain dela ehun urte egindako irudiak dira eta ekainaren 30era arte ikusgai egonen da Jorge Oteiza Etnografia museoan, Ziga Bildumaren barne. Ortziral, larunbat eta igandetan 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara egonen da irekia.

Gainerakoan, larunbateko egitarauari dagokionean, 10:00etan erreka garbiketa eginen dute eta 12:00etan bertsolarien saioa izanen da, eta luntxa ere eskainiko  da. 12:30ean plaka oroigarriaren inaugurazioa eginen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun