Ur biltegi berria eginen du Iturri-Ederra elkarteak Elizondon

Ttipi-Ttapa 2012ko aza. 6a, 15:40
Zaldarriagako lursailean eginen da ur biltegi berria Juan Mari Ondikol

1,7 milio litroko edukiera izanen du eta 774.227 euroko kostua

Mariezkurrena enpresak 10 hilabetean egin beharko ditu lanak.  Ur edukiera handiago lortu eta hornikuntzaren presioa hobetzea da helburua. Elizondoko etxebizitza altuenetara ere ura behar den bezala iristeko.

Hemendik gutxira hasiko dira Elizondon ur biltegi berria egiteko lanak. Iturri-Ederra elkarteak horrela, ur gehiago pilatzeko aukera izan eta uraren presioarekin dauden arazoak konpondu nahi ditu. Lau proiektu aurkeztu ziren eta Doneztebeko Mariezkurrena enpresaren proiektua aukeratu zuten. Orain, 10 hilabeteko epea dute lanak amaitzeko. 1300 metro karratuko eraikina izanen da, eta horretarako 4111 metro karratuko lursaila erabiliko dute Zaldarriagan, ur biltegi zaharra baino gorago, hilerritik hurbil.  50. hamarkadan egin zuten orain Elizondo urez hornitzen duen Antzanbordako biltegia. Berriaren edukiera egungoa baino lau aldiz handiagoa izanen da, orain 400.000 litroko edukiera du eta berrian 1,7 milio litro ur sartuko dira. Ur hornikuntzaren presioa ere hobetuko da, Elizondoko etxebizitza altuenetara ura behar den bezala iristea bermatuz.  Hala ere, ez dute Antzanbordako  ur biltegi zaharra botako. Zaharrak hornituko du ur biltegi berria eta berritik herrira banatuko da ura.  Ur hornidura erregulatzea izanen da biltegi berriaren eginbehar garrantzitsuenetakoa. Lanek 774,227 euroko kostua izanen dutela aurreikusten da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun