Isolamendu kaxkarra zuela. Obra gaizki egina zela. Hainbat argudio erabili ziren udal liburutegi berriaren argindar gastu handia azaltzeko. Baina arrazoia bertzelakoa izan da: Iberdrolak egiazko kontsumoaren arabera fakturatu beharrean, estimazioaren arabera fakturatu du, kontadorea irakurri gabe. Eta estimazio hori, egiaz kontsumitu dena baino 19.626,77 euro gehiagokoa izan da.
Hala, 2010eko martxotik 2011ko ilbeltzera dagokion kopuru hori itzuli egin beharko dio Iberdrolak Udalari, fakturazioaren %80. Iberdrolak 25.133,50 euro fakturatu zuen bitartean, egiazko kontsumoa 5.506,73 eurokoa izan zen. Azken lau urteetako fakturazioak, iazko urritik aurtengo urtarrilerak, alarma-argiak piztu zituen Udalean, izan ere, egiazkoa baino 15.000 euro handiagoa izan da. Iberdrolaren azalpenak lasaitasuna ekarri du, gaizki egin zen fakturazioak ia ezinezkoa bihurtzen baitzuen udal liburutegia mantentzea.
Gainera, burugabeko fakturak eztabaida handia piztu zuen udaletxean NaBai eta UPNko zinegotzien artean, azken hauek lana gaizki egin zela leporatu baitzioten Udal Gobernu Taldeari. Martxoaren 14ko udal batzarrean eman zen Iberdrolaren komunikazioaren berri eta modu berean, NaBaik zuzenketa egitea eskatu zien UPNko zinegotziei, «bere erranek iritzi publikoaren aitzinean eragin duten kalteengatik».