Lekarozko Aroztegia proiektuaz

'Baztan Bizirik nahi dugu' manifestazioarekin bat egitea proposatuko du Elizondoko batzarreak

Ttipi-Ttapa 2010ko uzt. 9a, 13:28
Santiago besten aitzinetik azken batzarrea eginen du Elizondoko herriak.

Manifestazioa uztailaren 17an izanen da Elizondoko karriketan

Elizondoko Santiago besten aitzinetik azken batzarrea eginen du Elizondoko herriak. Eta mahai-gainean egonen den gaietako bat Aroztegia… eta gero zer? Plataformak eta Amaiurko herriak uztailaren 17rako deitu duten manifestazioa izanen da. Baztan Bizirik nahi dugu lelopean deitua dute manifestazioa, Lekarozko Aroztegia proiektuaren kontra eta Amaiurren Munoa parejean egin nahi den harrobiaren aurka. Eta Xabi Torres Elizondoko alkateak eta kargodunek manifestazioarekin bat egitea proposatuko dute. Ortziralean, uztailak 9, 20:00etan Elizondoko Herriko Etxean eginen da bilkura.

Batzarrean bertze gaiak ere eztabaidatuko dituzte. Elizondoko inauterietan parodia bat egiteagatik inputatuak dauden gazteei babesa emanen diete, eta panel informatiboak jartzeko aurrekontuak erakutsi eta jarri behar diren ala ez erabakiko da. Lurraldearen Antolakuntza Planaren (LAP) irizpideetara egokitzeko, Udalak Udal Plana aldatzeko asmoa du, etxebizitzak lurzoru urbanizaezinetan eraiki ahal izateko. Hala, produktibitate ertaineko eta lur urbanizaezinez osatutako auzoak zeintzuk diren zehazteko ere bilduko dira elizondarrak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun