2007ko aurrekontuetan Lekarozko ikastetxe zaharra konpontzeko dirurik ez

ttipi-ttapa 2006ko abe. 18a, 16:56

Erosketa interes politikoen arabera egin dela kritikatu du EAk

Prentsa ohar baten bidez, EAk Nafarroako gobernua kritikatu nahi izan du heldu den urteko herrialdeko aurrekontuan ez duelako Lekarozko ikastetxearentzat diru kopururik aurre ikusi. Baztango EAk dioenez, “berriz ere agerian uzten da, interes politikoen arabera mugitzen den Nafarroako Gobernuko kudeaketa txarra. Lekarozko ikastetxea dida batean erosi zuten, eta orain ez dute ez eta zentimorik aurreikusi Nafarroako aurrekontuetan eraikinaren konponketarako eta moldaketarako”. Alderdiaren ustez “argi dago erosketa burutu zutela Baztango Udalari zonaldea garatzeko aukera kentzeko”.

Baztango Udalak aspaldidanik aurreikusia zuen Lekarozko ikastetxearekin zerbait egitea. Azkenaldian proiektu bat garatzen ari zen baina egunetik biharamunera, Nafarroako Gobernuak jakinarazi zuen lehengo ikastetxea erosi zuela. Geroztik behin baino gehiagotan, EAk galdetu dio zein ziren bere helburuak baina oraindik ez dute erantzunik jaso. 2007ko aurrekontuetan proiektu baten burutzeko dirurik ez delako aurreikusten, EAren ustez argi da hauteskundeei begira egindako ekimena izan dela”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun