Amaiurko gazteluaren aztarnak bildu ditu Aranzadi Zientzia Elkarteak

Xan Harriague 2006ko ira. 4a, 11:07
Landare eta sasiak garbitu eta zortzi metro altuerako harresiak topatu dituzte Aranzadiko ikerlariek. Utzitako argazkiak

Nafarroako Erresumaren azken gotorlekuan

Dagoeneko kasik bortz mende pasa dira Amaiurko gaztelua Gaztelako Fernando Katolikoaren tropen eskura erori zela. Halere, geroztik eta joan den abuztuaren lehena arte inoiz ez da bertan azterketa edo indusketarik egin. Hori dela eta Baztango Udalak bultzaturik, Aranzadi zientzia elkartea eta UEU horretan aritu dira abuztuaren lehen bi astetan. Ekialdera eta mendebaldera ematen dituzten harresiak garbitu dituzte eta gaineko aldean 30 metro luzera eta 2 zabalera dituen zuloa ideki, garai horietan zer gertatu zen jakiten lagunduko duten aurkikuntzak egiteko. Lan horren burutzeko, hamabortz bat lagun aritu dira, Juantxo Agirre Mauleon Aranzadiko kidearen zuzendaritzapean.

Orain arte Amaiurko gazteluan indusketarik ez bada egin ere, Nafarroako erresumako historiaren leku garrantzitsua da. Errege katolikoek 1512an Nafarroa garaiaren aurka abiatutako erasoan nafarrek eutsi zuten azken gotor lekua izan zen, erresumaren independentziaren aldeko gudaren azken lekukoa. Noaingo bataila galdu ondotik, Nafarroako buruzagiak, Amaiurrera errefuxiatu ziren. Zoritxarrez, azkenean erasoen aitzinean amore eman behar izan zuten eta gaztelua, Errege Katolikoaren eskuetan erori zen. Urte batzuk beranduago, Nafarren independentziaren aldeko asmoak uxatzeko, bertze hainbat gaztelu bezala Amaiurkoa ere suntsitu zuten.

Berrikitan egin dituzten indusketek, garai horretan zer gertatu zen jakiteko zertan lagunduko duten azaldu digu Juantxo Agirre Mauleonek: «Azken batean, erakundeek, giza eragileek, elkarteek eta alderdiek hura nola gertatu zen eta gaztelua nolakoa zen jakin nahi dute. Gaur egungo metodologia zientifikoak, arkeologiaren bitartez, aunitz lortuko ditu, guzi horiei erantzunak emateko eta gure iragana hobeki ezagutzeko. Hemen azaltzen diren datuak nahi duen guziari zabalduko dio Aranzadik». izan ere, Nafarroako historian garrantzi handia izan zuen Amaiurko gazteluak: «Euskaldunontzat gaztelu hau oso adibide inportantea da. Gaztelako konkistari aurre egiteko azkeneko guneak hemen egon ziren, Nafarroako erresumaren askatasunaren azken hatsa hemen eman zen. 1521etik 1522ra berrehun bat nafarrek aurre egin zieten Gaztelako tropei eta Nafarroako erresumaren askatasuna aldarrikatu zuten».

«Bakarrik 50 metro koadro aztertu ditugu»

Kontent daude Aranzadikoak bi aste hauetan lortutako emaitzarekin: «Hemen egindako lanak gure ezagupena handitu du, helburu zientifikoak bete dira, baina batez ere Amaiurko herriaren eta hemengo erakundeen harrera azpimarratuko nuke. Hau hasiera besterik ez da, 15 egun eman ditugu hemen, baina lau hilabetez hemengo materiala ikertuko dugu. Datorren urtean beste indusketa kanpaina bat egin beharko dugu, gaztelua oso handia baita eta aztertu duguna, 50 metro koadro besterik ez dira».
Bi asteotan gauza gutti aurkitu dituzte, hala nola animali hezurrak, txanponak, bala bat, zeramika puskak, labanak, iltzeak… Ez dirudi ondorio aunitz aterako dutenik hortik, baina Juantxo Agirre Mauleonek erran digunez, aurkitu dituztenak eta harresiak aztertu ondotik, gauza gehiago jakinen dute, batez ere gazteluaren egiturari buruz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun