Oronozko eskolaren egoera oraindik ez dela egokia salatu du Guraso Elkarteak

ttipi-ttapa 2006ko uzt. 27a, 12:22
Gimnasioaren egoera ez da obra eta moldaketa egin den leku batena, argazkian ageri denez. Utzitako argazkiak

«Arazoa ez da konpontzen eta normaltasuna ez da ailegatzen»

Oronozko eskolaren egoera oraindik ez dela normaltasunera ailegatu adierazi du ohar baten bidez Maite Ariztegik, Oronozko eskolako Kan-Kan Guraso Elkarteko lehendakariak. Azken alean aipatzen genuen ikasleak «normaltasunez» itzuli zirela ikastetxera Eguberrietako oporren ondotik, baina baieztapen hori ez dela egia erran dute gurasoek. Horren erakusgarri, gimnasioan ilbeltzaren 19an ateratako argazkia, «argi ikusten baita ez dela obra eta moldaketa bat egin den leku batena». Guraso Elkartetik idatzi dutenez, «ikasleek ez dute lekurik eguneroko lana egiteko, eskola ttikia delakoz eta gainera gimnasioa falta dutelako. Oraindik usain ‘susmagarrien’ arazoa ez da konpondu eta Osasun Publikoko ordezkariak bertara etorriz egiaztatu du hori». Maite Ariztegik sinatutako idatzian ageri denez, «sei hilabete daramagu gertaera honi bukaera ezin emanez, eta aski da, Udalak presioaren eraginez betetzen ditu ‘bere obligazioak’ eta gainera ‘kontent’ egon behar garela erraten digu oporretan egitea lortu dutelako». Bitartean, «arazoa ez da konpontzen eta normaltasuna ez da ailegatzen».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun