Iruritako Gizarte Zentroa ixteko agindua eman dute Iruñetik

ttipi-ttapa 2006ko uzt. 27a, 12:18

Egurrezko teilatuak ez omen ditu segurtasun baldintzak betetzen

Balleko Udalak espediente berri bat tramitatuko du Nafarroako Gobernuko Presidentzia, Justizia eta Barne Departamentuak Iruritako Damaso Zabalza Gizarte Zentroari irekitzeko baimena eman diezaion. Departamentu horrek aitzineko espedientea kadukatua dagoela erabaki du eta irekia mantentzeko baimenik ez du eman, duela urtebete inauguratutako eraikinean zenbait akats somatu baititu. Bertzeak bertze, etxearen sabaia zurez egina dagoela eta su hartzeko arriskua handia dela aipatu du. Iñigo Iturralde zinegotziak aipatu duenez, araudia betetzen ez dituzten gauzak moldatu eta espediente berria eginen dute. Igerileku estaliarekin ere gauza beretsua gertatu omen zitzaien, baina arazoa moldatu zuten. Iruritako Gizarte Zentroaren sabaian, suteen aurkako barniz berezia eman nahi dute.

Barne Departamentuak berehala ixteko agindua eman baldin bazuen ere, Iruritako Gizarte Zentroan lanean segitzen dute. Aginduaren berri jakin zuen egun berean, ostatua eramateko lanak Elizondoko Enrique San Joseri eman zizkion Udalak. Orain arte Iruñeko Daniel Goñik egiten zuen lan hori.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun