San Frantzisko Xabierkoari buruzko solasaldiak eta ekitaldiak eginen dira

ttipi-ttapa 2006ko uzt. 24a, 13:14

Azpilkueta eta Amaiurren barna bisita gidatua eginen da maiatzaren 20an

Apiril eta maiatzean Baztanen prestatu den kultur egitarau zabalaren barnean, hainbat solasaldi izanen dira asteotan, Xabierko San Frantzisko hizpide hartuta. Apirilaren 28an, «San Frantzisko Xabierkoaren Ibilaldi unibertsala» solasaldia eskaini zuen Carmen Jusuek. Maiatzaren 6an, «San Frantzisko Xabierkoa, Nafarroako zaindaria» solasaldia eskainiko du Ricardo Fernandez Graciak Etnografia Museoan 19:30etan, Etnografia Museoaren Lagunen Elkarteak antolatuta. Arizkunenea Kultur Etxean ere izanen dira San Frantziskori buruzko solasaldirik. Maiatzaren 17an, Pedro Maria Esartek «Frantzisko Xabierkoa» solasaldia emanen du; maiatzaren 18an, Gabriela Torresek «San Frantzisko Xabierkoaren ikonografia. Hagiografiatik artera» solasaldia eta maiatzaren 19an, Iñaki Sagredok «Amaiaurko Gaztelua, eginen den berreskuratzea» solasaldia emanen du. Hiruak, 19:30etan izanen dira.

Maiatzaren 20an, berriz, Amaiur eta Azpilkuetan barna bisita gidatua eginen da, Baztan eta Urdazubiko Santiago Bidearen Lagun Elkartea, Nabarralde, Eusko Kultura Fundazioa eta Nafarroako Kutxa Fundazioaren laguntzaz. Gai honekin lotuta, apirilaren 24tik maiatzaren 20ra Xabierren Mundua erakusketa zabalduko da Arizkunenean, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuaren babesean.

Ikastaroak

Ikastaroei dagokienez, maiatzaren 5ean eta 6an, musikaren oinarrizko ikastaroa eskainiko du Teresa Catalanek sei orduz Arizkunenea Kultur Etxean, 18:30etatik 21:30etara. Guttienez hamar ikasle izan beharko dira eta 6 euro ordaindu beharko dituzte.

Zazpi urtetik goitiko haurrendako, berriz, mukuen tailerra antolatu du Jorge Oteiza Etnografia Museoaren Lagunen Elkarteak. Arizkunen apirilaren 29an, Iruritan maiatzaren 6an, Zigan maiatzaren 13an eta Elizondon maiatzaren 20an eginen da tailerra, goizeko 10:30etatik 13:30etara.

Informatika eta Internet lantzeko hastapena ere eskainiko da Arizkunenea Kultur Etxean doan. Bi taldetan banatuko dira ikasleak. Talde batek maiatzaren 15etik 25era izanen du ikastaroa, goizeko 10:00etatik 12:00etara eta bertzeak maiatzaren 29tik ekainaren 8ra, 17:30etatik 19:30etara. Izen ematea, Iturbrok enpresaren 948 131832 telefonoan egin behar da eta arestian aipatu bezala, doan izanen da.

Ikastaroekin akitzeko, maiatzeko astearte eta ortzegunetan pintura ikastaroa emanen da Arizkunenean, hiru taldetan banatuta. Lehena goizez arituko da, 11:00etatik 13:30etara eta bertze biak arratsaldez, 17:00etatik 19:00etara eta 19:00etatik 21:00etara.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun