Arraiozko merkataritza gunea egiteko baimena ukatu dute

ttipi-ttapa 2006ko uzt. 24a, 10:17

Nafarroako Gobernuak Ur Konfederazioaren txostena hartu du kontuan

Arraiozen aurreikusia zegoen merkataritza gunea eraikitzeko baimena ukatu du Nafarroako Gobernuko Ingurumena, Lurralde Antolaketa eta Etxebizitza Departamentuak. Nafarroako Gobernuak, Ur Konfederazioak idatzitako txostena hartu du kontuan erabakia hartzeko. Konfederazioaren ustez, merkataritza gunea eraiki asmo zuen Urtelor enpresak uholdeek ez afektatzeko proposatutako neurriak ez dira egokiak. Baztango Udalak hasierako eta behin behineko onarpena eman zion proiektuari, baina behin betikoa emateko, Confederacion Hidrográfica del Norte erakundearen onespena behar zuen. Izan ere, merkataritza gunea hartu behar zuen lur eremua Baztan errekatik ehun metrora baino hurbilago dago. Erakunde honen ustez, promotoreek merkataritza gunea uholdeek ez afektatzeko egin gogo zituzten paretak eta ezpondak eraginkorrak ziren, baina kalteak sortzen ahal zituzten goitiago, herri inguruan. Baimena ukatuta, orain promotoreek eta espedientean interesatutako bertze batzuek, ez Udalak, hilabeteko epea dute errekurtsoa aurkezteko Nafarroako Gobernuan. Nafarroako Justizia Epaitegi Gorenean egin nahi baldin badute errekurtsoa, bi hilabetekoa izanen da epea eta errekurtso hau Udalak ere egiten ahal du.

Arraiozko merkataritza gunearen proiektuak 49.000 metro koadro hartzen ditu: Supermerkatua, zazpi komertziorendako lekua, ostatu-jatetxea, gasolindegia, atsedengunea eta berdeguneak hartzen zituen, baita 250 autorendako aparkalekua ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun