«Egia da lanak kasik akituak daudela, baina zazpi hilabete ditugu esperoan»

Aitor AROTZENA 2006ko uzt. 20a, 16:47
Maite ARIZTEGI Oronoz-Mugairiko Guraso Elkarteko presidentea Aitor AROTZENA

PROTESTA ARINEGI EGINA ETA BURUGABEA DA
Santi Aldako, Baztango Udaleko zinegotziaren ustez, «protesta hau arinegi egina eta burugabea da. Gurasoek badakite, martxoaren 4rako epea jarri genuenean sarreraz ari ginela, inoiz ez genuen gimnasioa aipatu. Gimnasioa Aste Sainduko oporretarako moldatuko genuela aipatu zen. Mugitu egin gara eta kasik akitua dago, zola jartzea bakarrik falta da, baina idortu arte ezin da goma paratu. Guretzat burugabea da. Guk ahal genuena eta gehiago mugitu gara, baina ofizialak ez badatoz, zintzilik dagoen erradiadorea ere ezin izanen da jarri».

Abuztuan gimnasioa erre zenetik egoera moldatzea eskatu duzue behin eta berriz. Azken mobilizazioa, martxoaren 6ko elkarretaratzea izan da…

Bai, kontua da hilabeteak pasatzen ari direla. Urtarrilaren 26an bildu ginen, hemengo kontua ez zela akitzen eta obrak ez zirela egiten ikusi genuen eta Udaletxeari obrak akitzeko epe bat jarri genion: martxoaren 4a. Martxoaren 4an lanak erabat ez zirela akitu ikusi genuen, gutti-gutti falta da, baina ez dira akitu eta horregatik egin dugu protesta.

Udaletxetik aunitz mugitu direla eta lanak akitzeko gutti falta direla erraten dute, hemendik aitzinerako lanak ofizialen esku daudela…

Martxoaren 15ean zazpi hilabete eginen du sutea gertatu zela eta denbora sobera da egoera horrela mantentzeko. Leku falta handia da, gimnasioan sortu zen iskanbila guzia eta oraindik orain ezin da erabili gimnasio hori. Lan hori akittu egin behar da, garaia da eta horregatik egin dugu plantoa.

Osasun Departamentuak azterketak egin ditu eta usaiak eta gai kutsakorren presentzia somatu da. Egoera hori hobetu da orain arte egin diren lanekin?

Kontua da usaiaren araazo hori guk ere ez dakigula garbi zer den. Azkeneko obra hauekin usaiaren arazoa poliki jautsi dela nabari da, baina denborarekin agertzen da berriz ere: obra egiten denean apaltzen da eta gero, denboraren buruan agertzen da. Hasieran, haurrek ilean eta arropan izugarrizko usaia ekartzen zuten eta kezkatuak ginauden. Osasun publikoarengatik ere analitika bat egin dute, ea hori kaltegarria ote den. Emaitzak hemendik hilabete batera edo eskuratuko ditugu. Arazo hori moldatzeko ekintza zuzenak egin dira bi alditan eta horretan gaude.

Haurrek ilean eta arropan ike usai handia eramaten omen zuten etxera. Horrela izaten segitzen du?

Hori nabaritzen zaie zokoan dagoen gelatik heldu diren batzuei, baina aunitz apaldu da. Denborak erakutsiko du erabat joan den edo ez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun