Amaiurko seroraren etxean Landa Turismo Zentroa eginen da

ttipi-ttapa 2006ko uzt. 19a, 18:44

Zerbitzu turistikoak eskainiko ditu Rafael Etxebertz-ek

ttipi-ttapa Amaiurko elizaren ondoan dagoen garai bateko Seroren etxeak Baztango Landa Turismo Zentroa eta erabilera aunitzeko lokala hartuko ditu bere baitan. Juan Mari Aleman Amaiurko alkateak eta Carlos Garaikoetxea Baztango kultur zinegotziak egindako eskariari erantzunez, Iruñeko Artzapezpikutzak 25 urterako utzi du etxea, proiektu hau gauzatu ahal izateko. Lanen aurrekontua 51.423 eurokoa izanen da eta Baztango Udalak 42.000 euro ordainduko ditu (horietatik 36.000 Cederna-Garalur erakundeak kudeatzen duen Leader+ ekimenetik) eta Amaiurko parrokiak 9.423 euro ordainduko ditu. Behin lanak akitutakoan, berriki zaharberritutako Amaiurko errota kudeatzen duen Rafael Etxebertz-ek zerbitzu turistikoak eskainiko dizkie bisitariei. Bertzeak bertze, turismo informazio gunea, Santiago Bideko erromesendeko harrera zentroa, artisautza-denda, erakusketa-gela eta bertze egin nahi dira seroraren etxe zaharrean. Arteka enpresak idatzi du proiektua. Seroraren etxeak bi solairu ditu eta beheitikoan komunak eginen dira. Lehenbiziko solairuan, berriz, turismo zentroa eta bilera-gela eginen da. Amaiurko errota berrituaren inaugurazioa uztailaren lehen aste hondarrean eginen bada ere, Turismo Zentroa irekitzeko hilabete batzuk gehiago joanen direla uste da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun