Lekarozko ikastetxe zaharra Nafarroako Gobernuak erosi du 3,23 milioi eurotan

ttipi-ttapa 2006ko uzt. 17a, 12:49

Balleko Udalak begi onez ikusi du, nahiz eta erosketa ixilpean egin izana ez gustatu

Nafarroako Gobernuak Lekarozko kaputxinoen ikastetxe zaharra erosi du 3,23 milioi euroren truke (537,5 milioi pezeta). Francisco Iribarren, Nafarroako Gobernuko presidenteordea eta Ekonomia kontseilariak (baita Lekarozko ikasle ohia ere) aipatu duenez, oraindik ez dakite xuxen zertarako erabiliko den, baina etxebizitzarik ez dela eginen aipatu dute: «azpiegiturak egin nahi genituzke, izan kirolekoak, kulturakoak, komertziokoak, aisialdikoak edo turismokoak… Irurita-Elizondo saihesbidea ere ondotik pasatuko da eta kokapen arras ona du». Aitzineko alean aipatu genuenez, Iniciativas Innovadoras enpresak egindako ikerketa batek ikastetxea Balleko Udalak erostea aholkatu zuen. Baina, udal abokatuak ekainaren 20an horretaz solastera gan zirenean, dagoeneko saldua zegoela erran zieten. Balleko Udalari, bi urte terdiz lanean aritu ondotik, erosketa ixilpean egin izana ez zaio gustatu, baina begi onez ikusi du Nafarroako Gobernuak erostea. Virginia Alemanek erabakia txalotu du ofizialki, Udalaren ustez «hobea baita erakunde publiko batek erostea pribatu batek baino». Gainera, etorkizunean ikastetxeari ematen ahal zaizkion erabilerei buruz udalak egindako ikerketak Nafarroako Gobernuaren esku uzteko prest agertu da. Begoña Sanzberro, UPNko zinegotzi eta parlamentariak jakinarazi digunez, negoziazioak urte hasieran hasi ziren. «Nafarroako Gobernuak Baztanen inbertitu nahi duela erakutsi du eta honela, ezin izanen da Lekaroz zatika saldu». Lekarozko ikastetxearen eta inguruan dituen 14 Hektarearen truke 4,2 milioi euroko eskaintzak ere hartu omen dituzte fraideek. Nafarroako Gobernuak hasierako prezioa baino gutiago ordaindu du, nonbait zuretan pipia harpatu delako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun