Elbeteko Gamioko askak eztabaida piztu du herritar eta Udalaren artean

ttipi-ttapa 2006ko api. 25a, 18:14
Elbeteko Gamioa, eztabaida piztu duen aska larrainean duela. TTIPI TTAPA

Aska ttikitzeko baimena eman du Udalak, batzarrari kasurik egin gabe

Iaz Elbeteko Gamioako jabeak, bere etxeko larrainaren aitzinean dagoen aska txikitzeko baimena eskatu zion Balleko Udalari, garagera kotxea zuzenean sartu ahal izateko. Elbeteko alkateak, horren berri izan zuenean, batzarre batera deitu zituen herritarrak. 19 barride proiektuaren aurka azaldu ziren eta 5 alde. Hala jakinarazi zitzaion Balleko Udalari. Halere, Udalak bere gestioekin aitzinet egin zuen. Horrela urriaren 21ean egindako batzarrean askaren desafektazioa onartu zuen, hau da, ordurarte askak ondare publikoaren izendapena zeukan, eta erabaki horren ondotik ondare patrimoniala izatera pasa zen. Ondare publikoa izanik ezin zen inolako modifikaziorik egin askaren egituran.

Barrideek, egoera ikusita, sinadura bilketari ekin eta azkenean 64 aurkeztu zituzten udalean proiektua gelditzea eskatuz. Baina honek ere ez du deustarako balio izan eta azkenean Udalak askaren moldatzea onartu egin du bere azken batzarrean, EAko aldeko botuekin eta UPNren kontrakoekin. Askak 5 metro koadro izatetik 3 metro izatera pasako da, ez badira alegazioak onartzen.

Herritarren kezka nabaria da, obra hau «kapritxo hutsa» dela uste dutelako. Etxeak jadanik badauka kotxeentzako sarrera zabala, eta sinatu dutenen ustez, «ez dute zertan 80 urte eduki ditzakeen aska bat moldatu behar». Herriak egin zuen batzarrean aska modaltzea onartu zen, auzolanean, baina betiere bere neurriak mantenduz eta itxura gehiegi aldatu gabe. Udalak hartutako erabakian, Elbeten inork ez duela aziendarik aipatzen zen eta hori gezurra dela erran dute herritarrek, «oraindik ere 6 etxetan ganadua izan badagoelako». Elbeteko batzarrean «barrideen arteko liskarrak» bertzerik ez zirela izan aipatu zuen EAko zinegotzi batek eta horrek ere arrenkura sortu du elbetearren artean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun