Xabier Silveirak laugarren aldiz irabazi du Nafarroako Bertsolari txapelketa

ttipi-ttapa 2006ko api. 25a, 18:04
Xabier Silveirak bere amari eskaini zion buru gainean jantzi duen laugarren txapela, bertso hunkigarri batean. TTIPI TTAPA

Puntu erdiko aldea atera zion Estitxu Arozenari Elizondoko finalean

Apirilaren 1ean egin zen Nafarroako bertso txapelketaren finalean Xavier Silveira lesakarra berriz ere hoberena izan zen eta laugarren aldiz txapela jantzi zuen. Elizondoko lur dantzalekuan jokatu zen saioak arrakasta haundia izan zuen. Orotara 900 bat lagun bildu ziren. 1936an, Nafarroako lehendabiziko txapelketa Elizondon erabaki zen eta 70 urte beranduago herri berean egin zen finala. Taulen gainean berriz, momentuko Nafarroako zortzi bertsolari hoberenak, Estitxu Arozena, Erika Lagoma, Julen Zelaieta, Julio Soto, Jon Barberena, Etxabe, Iñigo Olaetxea eta Xabier Silveira. Finalean zortzietatik bortz lesakarrak ziren eta txapela horietako biren artean jokatu zen. Xabierrek 413 puntu lortu zituen eta Estitxu, berriz, iaz bezala bigarren gelditu zen puntu erdira: 412,5 eskuratu zituen. Julen Zelaieta joan den urtean bezala hirugarren bukatu zuen 407,5 punturekin. Laugarrena Iñigo Olaetxea izan zen 398,5 punturekin. Bosgarren tokirako lehia polita izan zen, Jon Barberena eta Etxaberen artean. Azkenean lehena puntu erdi batez aitzinatu zen, 394 puntu lortu zituen eta bertzeak 393,5. Zazpigarrena Erika Lagoma izan zen eta zortzigarrena berriz Julio Soto, 376 eta 366,5 puntu eskuratu zituzten. Bi hauek lehendabiziko aldia zuten Nafarroako finalean eta maila polita erakutsi zuten. Bertso saio polita izan zen, giro ezin hobea, elkarren arteko pikeak, umorea, abilezia, sentimenduak, denetarik entzun ahal izan zen.

Silveirak poto egin zuen bere azken ariketan, kartzelako azken bertsoan eta horrek, txapela galarazi zion ia. Amari eskaini zion, bertso hunkigarri batekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun